Antxeta hankabeltzak Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean, Galiziako kostan konkretuki, kumatzen zuten orain dela gutxi arte. Baina azken urteotan Galiziako kolonia hori desagertu egin da eta gure kostaldean ere neguan gero eta gutxiago ikusten dira. Horregatik, orain dela pare bat egun Getarian azaldu den alea notizia izatera iritxi da, hau orain dela urte gutxi arte arrunta zenean.
Aldaketa horien arrazoien artean klima aldaketa, edo gehiegizko arrantza daudela uste da. Azken honi lotuta, antxeta hankabeltz honek, pita bat du tragatuta, nahiz eta iritxi zenean hala ez izan. Gaur egun gure kostaldeko portuak arrantzarako kainaberaz beterik aurkitzen dira eta bertara gerturatzen den hegazti oro kainaberen pitan arrapatuta geratzen da, adibideak ugariak dira. IUCN eta Birdlife-ren arabera, antxeta hankabeltzaren beherakada %87koa da 2000. urteaz geroztik Orkey eta Shestland uharteetan. Bestalde, kalkulatzen dute mundu osoko gainbehera 70. hamarkadatik aurrera %40ra iritsi daitekeela. Hori dela eta, munduko hegaztien zerrenda gorrian sartu dute duela gutxi. Gainbeheraren inguruko informazio zabalagoa, orain dela urte gutxi batzuk eginiko beste sarrera batean duzue nahi izanez gero, hemen.
Oso ohitura pelagikoak dituen itsas hegazti txiki bat da eta horregatik, kumatze garaian edo ekaitz bateko haize bortitzek kostalderaino bidali dutenean bakarrik izaten da kostaldean ikusteko aukera. Bertako kaio hankahoriarekin alderatuz, hanka txikiagoak eta beltzak ditu. Gainera, hegan egitean hegoeetako puntak tinta beltz batean sartuak izango balitu bezala ikusten zaizkio. Behekaldeko irudi hauetan ikusten dira xehetasun horiek hobekiago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario